XX. mendeko Euskararen Corpus estatistikoa

Testuingurua

(...); banuelako susmo txar hori hasieratik atera naiz, gaurkoan bakarrik, semerik gabe paseoa ematera.

Behin baino gehiagotan azaldu behar izan diot ene seme honi, ustekabean galdetu izan didanean ea non dauden nere aita eta ama, non bizi diren eta zergatik ez dauden gurekin batera bizitzen hemen, Helsinkin, esan bezala, azaldu behar izan diot Euskalerrian geratuak zirela eta Euskalerria oso urruti dagoenez, seguru asko denbora luze batez, ez genituela gehiago ikusiko.

Horregatik behar bada, hontaz gerora konturatu banaiz ere, askoz gehiagotan ere galdetu izan dit bere amaren berri, eta agian horrexegatik, esaten dut, berezko prozesu baten ondorioa izan litekeela bere burua nirea bezalaxe dagoeneko erabat finlandiartzat jotzea edota finlandianizaturik ikustea.

Ez nik ordea. Nik ez dut, eta uste dut ene bizitza osoan edo geratzen zaidan bizitza pusketan berdintsu jarraituko dudala dudaizpirik gabe, ene burua inoiz finlandiartzat hartuko edo finlandianizaturik ikusiko.

Eta hemen datza gakoa eta arazo larri guztia.

Hementxe dago ene arazoaren hasiera.

Nik ez dut ene burua finlandianizaturik ikusten.

Arrarotzat jotzen dut nere burua: hemen bizi naiz baina hemen bizi ez banintz bezala sentitzen naiz.

Zori txarrak edo, hobeki esanda, halabeharrak, edo nahi baduzue, patuak, halaxe nahi izan zuelako, noizpait utzi egin behar izan nuen nere sorterria, batzutan maitaturiko eta beste hainbatetan gorrotatutako ene jaioterria, eta asturuak hala aginduta honaxe iritsi nintzen aspaldi.

Badaramat urte mordoxka, dagoeneko, hemen Finlandian, eta zehazkiago esanda Helsinkin, bizi naizela.

Dena hasieratik aitortu beharrean nago eta horregatik garbi esango dut nere patua ez dela hain urrikigabe suertatu beste batzuen herrikideenarekin gonparaturik.

Askozaz patu anker eta okerragoa izan dute, ezpairik gabe, nere lagun gizajo askok: batzuk hilik daude dagoeneko, beste batzuen arrastoa aspalditik galdurik, ez baitakit nondik nora ibiliko diren ezta nonbait badiren ere.

Zera da dakidan gauza bakar eta segurua: hor nonbait, kanpoan dabiltzala (bizirik badiraute behinik behin) atzerriraturik, desterruan.

Alde hortatik begiratuta, ene suertea ez da hain kaxkarra izan, egia aitortuz.

Esan nahi dut, baita ere, adierazi behar bada, ene ogibidea dela medio ez daukadala bizitzeko problema haundirik, familia mantentzeko arazo larririk.

Arazo ekonomikorik gabe bizi naizela Helsinki honetan, oraingoz behintzat: etxe dotorea aurkitu nuen, beste askotxok baino hobeto nabil diru aldetik eta betaz ugari nahi dudana egiteko, (...).